XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ontaz, nuen eta nituen bezala, nekien, dakien, zegoen eta abar onartu ditut.

Euskaltzaindia mintza bekigu ontaz ere.

NINDUZUN-NIÑUZUN, ZINDUTAN-ZIÑUZTAN, NINDUTEN-NIÑUTEN. Gure idazle zaharretako literatura-formak lenengoak dira eta erriak darabilzkienak bigarrenak. Nire itzulpenean bietakoak erabiltzen nituen, baiñan, ahal dugularik tankera guzietan idazkera batera jo bear dugu eta batasunerako biderik egokiena eleder-zaharra dugun ezkero, gure idazle zaharren formak onartzea erabaki dut, ots, ninduzun, ninduen, zinduten... Euskaltzaindia mintza bekigu ontan ere.

AMAITZEKO: Euskaltzaindiak ika'ren erabilkizuna mugatu bear liguke indikativoaz kanpo. Ots, potentzialean, pertsona guzietan ote den erabilgarri (nezakek, ezakek, dezakek... nintekek, intekek, ditekek...). Nik baietz uste.

Inperativoan nire ustez bigarren pertsonetan bakarrik: egin zak ik. Subjuntivoan, berriz, bigarren pertsonan ere erabilgarri ote den eztakit... Erlatibu tankeran, berriz, indikativoan ere arbuiagarri derizkiot, bigarren pertsonan izan ezik, ots, ik ikusi dekan etxea. Zokoak obeto arakatuz makiñatxo bat korapillo geiago sortuko litzaizkidake; baiñan, ainbestean aski dugu.

Euskaltzaindiak, berak oi duen zuhurtasun eta jaiotasunez bide illun oietan argi egingo al-digu, sastraka, lar, osin eta belar gaizto guztiak garbituz, euskal-landarea jori, eder eta mardul azi dadin gure eleder-baratzean.

A. Irigoyen: Bost minutoko deskantsua emango degu.

Or jarri dituzte Mogel-en liburu argitaratu batzuek eta norbaitek ikusi nai baldin baditu ikusteko daude.

Deskantsua bukatuta itzaldi onezaz norbaitek ezer esan nai baldin badu aldia eskatu eta esan dezake.

Deskantsua bukatuta Mitxelena jaunak eskatu du itza.

L. Mitxelena: Emen Etxaide mintzatzen ari zan bitartean nik zenbait nota artu ditut eta zerbait esan nai nuke.

Nola Etxaide jaunak Euskaltzaindiaren iritzia edo erabakia eskatu duen zenbait gauzatan, nik eztezaket, Euskaltzaindia ez naizen ezkero, eztezaket Euskaltzaindiaren erantzunik eman, baina zerbait esan nai nuke, berak ukitu dituen gaietan zein diran, nere ustez, Euskaltzaindiak erabaki ditzakeanak eta zein diran ezin erabaki ditzakeanak gutxi gora beera.

Baiña ori, esan dudan bezela nere iritzia besterik ezta.

Nere ustez lenbiziko oiñarria au da: Gu Euskaltzaindia eta danok euskeraren batasunaren alde gabiltza.